Irudikak, ilustrazioaren nazioarteko azoka profesionalak, bere hamargarren urteurrenean, ilustrazio- eta animazio-diziplinetan egonaldi artistikoen programaren zati izango diren bi proiektuak aurkeztuko ditu. Martxoaren 2an, astelehena, Frantzian finkatutako ilustratzaile errusiar Varya Yakovleva eta ikusmen-artista valentziar Rocío Álvarez egongo dira Gasteizko Zas Kultur Espazioan. Han, azalduko dute zer helburu dituzten eta zer-nolako lana egingo duten Angulemako La Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’Image (Frantzia) delakoaren barruko Maison des Auteurs, Zapopan-Guadalajarako Casa del Autor (Mexiko) eta Fundación BilbaoArte Fundazioa (Euskadi) zentro artistikoetan emango dituzten bi hilabete eta erdian, zeinen ostean prozesuaren erakusketa bat antolatuko baita Arabako hiriburuko Vital Fundazioaren espazioetan.
Varya Yakovlevak eta Rocío Álvarezek Kike Infame dibulgatzaileak, Irudika Egonaldien koordinatzaileak, zuzendutako hitzaldi ireki batean hartuko dute parte. Bertan, bi hilabete eta erdian (martxoaren 3tik maiatzaren 22ra arte) Angulemako Maison des Auteurs, Zapopango Casa del Autor eta Fundación BilbaoArte Fundazioa zentroetan egingo duten lanaren berri izango dugu. Tarte horretan, artista bakoitzak proiektu pertsonal bat garatuko du eta bai Irudika 2026 topaketaren irudia izango den ilustrazioa bai azokaren sustapen-klip gisa erabiliko den animazioa sortuko dituzte. Egonaldiak amaitzeko, aipatutako proiektuen garapena ezagutzera emango duen erakusketa bat egingo da Gasteizen.
Epaimahaiak Varya Yakovlevaren “Diary of an alien” proiektua hautatu zuen, batetik, “obra intimoa, emozionala eta ehunduraz betea izateagatik” eta, bestetik, “erbesteari buruzko eta sexu-esperientzien bidez integratzen saiatzeari buruzko helduentzako liburu irudidun bat proposatzeagatik”. Era berean, Rocío Álvarezen “Me resbala” proiektua arrazoi honengatik aukeratu zuten: “teknika analogikoak eta digitalak konbinatuz oso animazio iradokitzaileak sortzen dituen proiektua da. Munduko desordenekiko eta geure kontraesanekiko dugun erreakzioari heltzen dio”.
Acción Cultural Españolak (AC/E) eta Fundación Vital Fundazioak babesten dute deialdi hau, eta honako erakunde hauek ere ematen dute laguntza: Fundación BilbaoArte Fundazioa (Euskadi), Angulemako Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l'Image delakoaren Maison des Auteurs (Frantzia) eta Zapopango Casa del Autor (Mexiko), baita Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Espainiako Kultura Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza ere. Euskal Irudigileak, Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak, antolatutako programa bat da Irudika.
Irudika 2026 Egonaldien egutegiak lau fase dauzka:
AURKEZPENA. Martxoak 2, astelehena - GASTEIZ. Hasierako hitzaldia. Egileek hiri honetatik abiatuta hasiko dute beren egonaldia. Irudikak bai hirien eta herrialdeen arteko barne-garraio guztiak bai Gasteizko ostatua ordainduko ditu.
1. FASEA: 2026ko martxoaren 3tik apirilaren 3ra arte. ANGULEMA - Maison des Auteurs. Grafikoa edo kartela sortzeko prozesua ilustrazioaren eremuko egoiliarrarentzat, eta gortina animatua sortzekoa animazioko egoiliarrarentzat, proiektu pertsonalen garapenaz gain. Artista bakoitzak estudio bat edukiko du eta ekoizpen- eta ostatu-espazioetarako sarbidea izango dute.
2. FASEA: 2026ko apirilaren 3tik maiatzaren 3ra arte. JALISCO, MEXIKO - Zapopango Casa del Autor. Egoiliarrek argi-mahaiz, eskanerrez eta tableta grafikoz hornitutako estudio bana edukiko dute, baita ostatua ere, Zapopango Casa del Autor izenekoaren eskutik, eta argitalpen-ekoizpeneko espazioetarako sarbidea izango dute.
3. FASEA: maiatzaren 3tik 22ra. BILBO - Fundación BilbaoArte Fundazioa. Instalaziorako azken piezen eta arteen ekoizpena, sorkuntza-tailer guztietarako sarbidearekin (grabatua, medialaba, eskultura, etab.) eta maisutza bakoitzeko espezialistek gainbegiratuta. Ostatuaz ere Fundazioa arduratuko da.
4. FASEA: erakusketaren INAUGURAZIOA 2026ko maiatzaren 22an. GASTEIZ. Erakustaldiak hilabete inguru iraungo du, Fundación Vital Fundazioaren eskutik. Inaugurazioaren ostean bukatuko da egonaldi artistikoa, Gasteizko hirian. (Aretoa zehazteke dago oraindik).
IRUDIKA: HAMAR URTE ILUSTRAZIOAREN ABANGOARDIAN
Irudika Euskadiko ilustrazioaren topagune nagusia da. Bertan, sektoreko artistek eta profesionalek bat egiten dute ideiak eta esperientzia partekatzeko eta etorkizuneko lankidetzak eraikitzeko, betiere ilustrazioaren, liburuaren eta lotutako sektoreen inguruan.
Ilustrazioaren sektorea Euskadin ez ezik estatu guztian eta atzerrian ere hedatzen eta indartzen jarraitzeko ahaleginean, Irudikak programazio berezi bat antolatu du bere hamargarren urteurrena ospatzeko. Apiriletik aurrera joango gara edukiaren berri ematen, bai Irudikaren webgunean, bai haren gizarte-sareetan.
Irudikak 10 urte bete ditu eta zenbakiak oso esanguratsuak dira. Guztira 3800 ilustratzaile bertaratu dira ilustrazioaren arloko 350 profesional, agente, proiektu eta argitaletxe gonbidatuk emandako ia 150 hitzalditara. Ikasteko eta sektorearen profesionalizazioan laguntzeko giro horretan, topaguneak 2000 elkarketa profesional inguru ahalbidetu ditu.
Irudikak euskal ilustrazioaren sektorea nazioartekotzeko eta beste kultura grafiko batzuk sustatzeko lan argia egiten du, tokiko sortzaileak aberasteko asmoz, eta, horretarako, munduko zenbait bazterretako profesionalen laguntza eduki du, 30 herrialde baino gehiagokoena guztira.
Hamargarren edizioa urriaren 23tik 25era arte izango da, Gasteizko Artium Museoan eta irudika.eus webgunean.
